Auzia ez da izan ala ez izan. Nolako edo halako izan. Kontua ez da hori. Kontua ekitea da. Egitea. Egiten duguna gara. Izatea egitea da. Eta egiteko hautatu egin behar da. Lekua hartu, plazan sartu. Bazterretik erdira etorri. Plaza erdira etorri eta lekuaz jabetu (…)
Lorea Agirrek, Jakin aldizkariko zuzendariak, 19. Korrikarako idatzitako mezua
ELUR URTE, GARI (ETA ALDIZKARI) URTE
1996ko negu hartan elurra egin zuen Azkoitian bizi ziren 10.240 arimen gainean. Etxeko goxotasunean, ‘Goenkale’, ‘Caiga quien caiga’ eta ‘Su media naranja’ saioak ziren ikusleen telebista saiorik gustukoenak. Urtarrilean, ETAk José Antonio Ortega Lara espetxeetako funtzionarioa bahitu zuen. Urte hartan, IBMren Deep Blue superkonputagailuak Kasparov menperatu zuen estreinakoz. Anari kontzertuak ematen hasia zen, Euskal Herriko taberna eta areto txikietan, bere lehendabiziko diskoaren atariko. Beste azkoitiar bat, Juan Luis Zabala, Pipi idazlea, Azkoitiko gaztetxea eta beste zenbait txoko oso ezagun egingo zituen Galdu arte nobela izango zenari azken ukituak ematen ari zitzaion, Espainiako Kritikaren Saria irabaziko zuela jakin gabe. Taugrés (Baskonia) saskibaloi taldeak Europako Kopa irabazi zuen. Irratietan eta tabernetako bafleetan, Exkixu, Alaitz eta Maider, Negu Gorriak eta Los Rodriguez taldeen musikarekin batera, Macarena fenomenoa hedatzen hasita zegoen. Azkoitiko Udalak Urola ibaia bideratzeko obra erraldoiak abiatu zituen, 1983an eta 1992an jasandako uholdeak errepika ez zitezen.
Udaberria iritsi zen, eguraldia leuntzen joan zen eta apirileko gau epel batez, hego haizeak hauspotuta eta ilargi betearen eraginpean, gazte talde bat Etxe Aitz tabernako terrazan elkartu zen, Plaza Berriko bananondo zaharren azpian, buruan zebilkiten amets bati buruz hitz egiteko asmoz. Elkarrekin lortuko zutela sinetsita zeuden eta, bilera hartan, euskarazko herri aldizkari bat sortzea adostu zuten. Berehala ekin zioten lanari.
Uda iristear zela, ekainaren 16 batez, herriko pilotazaleek ezin izan zuten “Hiru! Hiru! Hiru!” oihurik egin baina plazakadak eman zion ongietorria Herriarteko Pilota Txapelketako finala bereganatu zuen Azkoitiko taldeari. Azpeitiarrei bigarren urtez segidan irabazteak merezi zuen ospakizuna, 2-1 emaitzari esker izan bazen ere. Bien bitartean, plazatik ez hain urruti, Errebaleko muturrean abandonatutako hiltegi zaharrean, beste gazte talde bat ametsa egi bihurtzeko zorian zen. San Joan bezperan jaio zen Mataderoa Espazio Kulturala.
Astebete geroago, herria kirolariz bete zen III. Nazioarteko Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren aitzakian eta Diego Garcíak bere izena duen zirkuituan atletismoaz eta jai giro herrikoiaz gozatu zuen beste behin. Handik gutxira Atlantako Udako Olinpiar Jokoen azken egunean korritu zen maratoian parte hartuko zuen Diegok. Abuztuaren 4a zen eta hamar egun besterik ez ziren falta “maxixatzen” hitza azkoitiar guztion ahotan dantzan hasteko.
Andramari festen bezperan aurkeztu zen Maxixatzen herri aldizkaria. Ez zen izan ez prentsaurrekorik ezta ekitaldi berezirik ere. Abuztuaren 14 hartan, euskararen aktibista gazteek agerkari berriaren zero zenbakiaren 2.500 ale banatu zituzten eskutik eskura, herriko plazan. Hazia landatu zutenetik lau hilabete besterik ez ziren igaro baina zurtoina sendo eta osasuntsu hazi zen eta lehen kimua udako eguzkiaren berotasunean handitzen zihoan.
Lau hilabete zirraragarri haien emaitza jendaurrean erakusteko unea berezia izan zen Maxixatzen Euskara Elkartea sortu berri zuen gazte taldearentzat. Orduan ez zitzaion DIY esaten (“do it yourself” = zuk zeuk egin ezazu) baina egin, halaxe egiten zen.
Elkarrekin lortuko zutela sinetsita zeuden eta, bilera hartan, euskarazko herri aldizkari bat sortzea adostu zuten. Berehala ekin zioten lanari.
MAXIXATZENEN HASIERA EDO
HERRI ALDIZKARI BATEN GENESIA
(aldizkariaren 0 alean argitaratutako idatzia)
Herriko gazte talde batek herri aldizkari euskaldun baten beharra somatu zuen eta lanean hasteko asmoa adierazi zuen.
Eta asmo hori herriarentzat ona zela ikusi zuen. Lehen urratsa.
Lehen bilerak egin ondoren ideiaren mamia osatu zuten.
Eta mami hori herri honen argazki idatzia izan zitekeela ikusi zuten. Bigarren urratsa.
Oinarrizko mamiari gorputz sendo bat erantsi zioten.
Eta gorputz hori azkoitiar guztiak biltzeko gai zela ikusi zuten. Hirugarren urratsa.
Eginiko guztia ona zela ikusi zuten eta herrian zehar bere ideiaren berri eman eta diru laguntza eskatuz ibili ziren.
Eta herritarrek herri bezela erantzun zuten. Laugarren urratsa.
Era berean, albiste, taldeen berri, elkarrizketa etab.-en bila abiatu ziren eta herritarrek herri bezela erantzun zuten.
Eta herriak aldizkaria alabatzat hartu zuela ikusi zuten. Bostgarren urratsa.
Azkenik MAXIXATZEN aldizkariaren lehen alea osatu zuten eta Andramari egunez ikusi zuen argia lehendabiziko aldiz.
Eta lehen aleak arrakasta izan zuela ikusi zuten. Seigarren urratsa.
Eginiko bidea zuzena zela ikusi zuten eta atsedenik hartu gabe 2. alearen osaketari ekin zioten.
Eta ikusi zuten atsedenik hartu ezina zela beraien sorketaren arrakastarik haundiena. Zazpigarren urratsa.
HAZIA ERNATU
Nondik zetorren euskarazko toki hedabide bat sortzeko behar hura? Garai hartan, hainbat herritako euskara elkarteek jadanik argitaratzen zituzten euskarazko herri aldizkariak: Arrasate Press!, Baleike, Berrigara, Ene Bada!, …Eta Kitto!, esaterako.
Azkoitian, herri euskalduna izanda ere, herriko informazioa eskuratzeko aukerak urriak ziren eta gehienetan erdaraz jasotzen ziren albisteak.
”Periodikue” esan eta denek ulertzen zuten El Diario Vasco. “Kartie” esan eta denek zekiten aipatu egunkariaren herriko informazioaren tarteaz ari zela hizlaria. Baina gauzak akaso beste era batera izan zitezkeen… Edo horrela irudikatzen hasi ziren Azkoitiko gazte haiek.
Maxixatzenen proiektuaren karietara elkartu ziren 19 eta 26 urte bitarteko hamaika gazte haietatik (Idoia Alberdi, Imanol Amiano, Naiara Aranbarri, Jose Luis Arrizabalaga, Maine Beristain, Sara Elorza, Garikoitz Garmendia, Karmen Irizar, Angel Rotxa, Nagore Silvan eta Jaione Unanue) batzuk kazetaritza ikasten ari ziren garai hartan, beste batzuk filologia eta bestelako ikasketak, eta bakarra zebilen lanean. Zumaiako Baleike egitasmoaren esperientzia ezagutu zuten gertutik, eta aholku bila joan zitzaizkien. Gauza bera egin zuten inguruko beste herri komunikabide batzuekin ere.
Aldizkari mordoxka eskuratu zituzten, handik eta hemendik, eta haien eredu eta adibideak kopiatuta eta moldatuta osatu zuten Maxixatzenen lehenengo zirriborroa. Segidan, kanpoko aldizkariak besapean hartu eta taldekideak dendaz denda joan ziren herriko merkatariei proiektua aurkeztu eta publizitatea saltzeko asmotan.
Denera, 61 denda, taberna eta enpresek eman zioten babesa aldizkariaren lehen alea izango zenari. Itsu-itsuan jarri zuten euren konfiantza (eta dirua) gazte haiek egindako proposamenean eta askok urteetan zehar mantendu zuten babesa gainera.
Lehen zenbakian parte hartu zuten kolaboratzaileen artean, berriz, pertsona ezagunak eta herriko talde ekintzaileak elkartu ziren, hala nola, Felipe Juaristi, Xabier Euzkitze, Mauxa Irizar, Joseba Gonzalez, Euskaldunon Egunkariko Azkoitiko Batzordea, Azkoitiko Talde Antimilitarista, Alai-Batza eta Mataderoa Espazio Kulturala. Maxixatzen Euskara Elkarte sortu berriak herriko bi enpresarengana jo zuten aldizkariaren fotokonposizio eta maketazio lanak (Iratzar) eta inprimazioa (Martiarena) enkargatzera. Hastapenetik, herriak bultzatutako egitasmoa izan zen, herritik eta herriarentzat pentsatua.
Maxixatzen Euskara Elkarteko kideak, 1997an
Erredakzioa, Kultur Etxeko azken solairuan
NOLAKO EGURRA
HALAKO EZPALA
Gazte azkoitiarren amets hura ez zen bat-bateko ideia isolatu bat, soka luze bateko katebegia baizik. Euskararen aldeko mobilizazioa aspaldi aktibatu zen gurean. Izan ere, frankismoa bete-betean bizi izan zuen belaunaldiak ere bazuen amets bat. 50eko eta 60ko hamarkadetan mundu moderno baten atarian zeudela sumatzen zuten eta herri gogo sendo bat zegoen biziberritze prozesu bati ekiteko.
Jon Sarasua soziologo eta irakasleak azaltzen duenaren arabera, Francoren erregimenak euskararen eta euskal kulturaren adierazpenei egindako errepresio linguistiko eta kulturalak jazarpenaren eta injustiziaren pertzepzioa azaleratu zuen euskal gizartean. Egoera eraldatu eta etorkizun bidezkoago bat irudikatzen hasi ziren herritarrak orduan. “Ametsak lausoak izan ohi diren arren, belaunaldi harena oso definituta zegoen: bazetorren mundu berrian seme-alabek euskaraz bizi ahal izatea. Telebista, unibertsitatea, erakundeak… bizitzeko funtzio guztiak euskaraz bizitzeko aukera izatea, hain zuzen”, dio Sarasuak. Eskubide baten aldarrikapen irmoa zen, funtsean.
Gizartea eraldatzea zuten helburu herri mugimendu euskaltzale haiek, beraz. Gizarteari proposamen politiko bat, harreman berriak sortzeko eta antolatzeko gonbidapena egiten zitzaion. Eta bide horrek ahalduntzea zekarren, ezinbestean “Lehen fase funtsezko batean, diru publikorik gabe egin zen hau guztia, inolako laguntza publiko instituzionalik gabe, hau da, gizartearen eraketa zibil autonomotik sortutako erakundeen bidez”, azaldu du Sarasuak. Horrela sortu ziren Ikastolak, euskara batua, kulturgintzaren mugimenduak, lehen hedabideak eta abar. Txerra Rodriguez Gomezek 30 URTE MIHIGINTZAN. Euskara elkarteek euskararen biziberritzean izan duten eragina 1987-2017 tesian aipatzen duenaren arabera, euskara elkarteek oinarri teoriko gutxirekin baina intuizio handiarekin ekin zioten hurrengo belaunaldiak euskaraz bizi ahal izateko bitartekoak sortzeari.
25 urte geroago, behar hori asetzen joan zen heinean, beste behar batzuk agertu ziren. 90eko hamarkadan, euskara elkarteak ugaritzen joan ziren, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian. Arrasateko AEDren eredu praktikoa jarraituz eta José María Sánchez Carrión Txepetxek Un futuro para nuestro pasado: claves de la recuperación del euskara y teoría social de las lenguas (1987) lanean jasotako teoriak bereganatuz hasi ziren bidea urratzen han-hemengo euskara elkarte berriak, tartean Maxixatzen.
90eko hamarkadan aurrerapauso nabarmenak egin zituen euskararen aldeko mugimendu sozialak: Egunkaria, UEMA eta euskara zerbitzuak sortu ziren, hedabideen loraldia eman zen, kulturgintza profesionalizatzen joan zen, eta lan munduan lehen hizkuntza planak garatzen hasi ziren, besteak beste. Jon Sarasuak adierazitakoaren arabera, “bigarren fase honetan etorri ziren erakunde publiko autonomikoak eta horiek hartu zuten, neurri handi batean, prozesuaren gidaritzaren parte bat; erakunde publikoaren eta gizartetik eta gizarte-amets batetik elikatutako erakundeen artean banaketa bat eman zen, beraz”. Hamarkada eta mugimendu horren erdian jaio zen Maxixatzen euskara elkartea.
Baina, zer da zehazki euskara elkarte bat? Txerra Rodriguezen tesiak jasotzen duen definizioaren arabera, zera da: “tokian tokiko herritarrek sortutako elkarte egituratua eta tokian toki jarduten duena, euskaldunak ardatz eta erdigune duena, euskaldunen komunitatea egituratzea helburu duena eta autonomoa dena (edo izan nahi duena) politikoki, beste erakundeetatik eta ekonomikoki”. Maxixatzen bete-betean sartzen da definizio horretan.
ATERPE BILA
Beste hainbat herritan bezala, Azkoitian batu ziren euskaltzaleak pentsaera askotakoak ziren eta ezberdintasun politikoen gainetik euskaraz bizi ahal izateko guneak eta aukerak sortzea zuten helburu nagusi. Eta gune horietako bat zen, garrantzitsuena eta ia esklusiboa hasiera hartan, erabileraren sustapenean herri komunikabide baten bidez eragitea. Zeren, horren aurretik, ziurrenik, Azkoitian gehienek euskaraz leitzen zuten irakurgai bakarrenetakoak Arantzazuko Egutegia edo Inazio Eizmendi Manterola Basarrik El Diario Vasco egunkarian ‘Nire bordatxotik’ ataleko kontuak izango ziren.
Maxixatzenen zero zenbakiaren ondoren, hileroko aldizkaria osatzeko lanarekin hasi zen boluntario-taldea, buru-belarri. Proiektua ahalik eta jende gehienari zabaltzea funtsezkoa iruditzen zitzaien. Garikoitz Garmendia taldekideak horrela azaltzen du: “Guk ‘rebistie’ egiteko gogoa genuen; helburua hori zen beti: euskaraz idaztea eta irakurtzea, eta idazteko ere jende asko zegoela ikusten genuen”. Hasiera hartan jendeari erreparoa ematen zion euskaraz idazteak, baina ezezkorik ez zuten jaso eta kolaboratzaile sare zabala osatu zuen Maxixatzenek.
Lehenengo egunetik harpidedunak eta bazkideak izan dira euskara elkartearen oinarria, haren sustraiek behar zuten ur eta eguzkia. Harrigarria da hasiera-hasierako bazkide haiek nola gaur egun oraindik sentitzen duten proiektua eta zer leialtasun erakutsi duten”, dio Idoia Alberdi taldekideak. Miguel Mari Azpiazu da bazkide horietako bat, 1 zenbakidun bazkidea izateko ohorea duena: “Baten batek zerbait esango zidan, Karmen (Irizar) izango zen, zein asmo zeuden eta ondo iruditu zitzaidan eta esan nion, “bai, bai, ni apuntatu”, azaldu du musikari azkoitiarrak. Azpiazuk 25 urte pasa daramatza aldizkaria irakurtzen, hutsik egin gabe .
Proiektua ahalik eta jende gehienari zabaltzea funtsezkoa iruditzen zitzaien.
Babesak babes, aldizkari bat sortzeko egin beharreko lan guztia egoitzarik eduki gabe gauzatu zuen taldeak. Eguraldiaren arabera, Etxe Aitzeko terraza edo barruko hondoko mahaia izan ziren hedabide berriaren erredakzio inprobisatuak. “Etxe Aitzeko paretek ere makina bat aldiz izan dute gure ekintzen, planen eta asmoen berri. Izan ere, kalean bilerak egitea gogorra zenez, Etxe Aitz taberna izan dugu gure bulego eta lantokia zenbait hilabetetan”, azaldu zuen taldeak aldizkariaren bitartez.
Gai honi dagokionez, 1996ko azaroko aldizkariko orrialdeak erabili zituzten Azkoitiko Udalari lokala eskatzeko. Nahi baino beranduago iritsi zen lokala, baina ordurako Azkoitiko Udalak 200.000 pezetako diru laguntza eman zion taldeari, aldizkariaren lehenengo zenbakia ordaintzeko adina. Izan ere, Maxixatzenen urteko aurrekontua 2,5 milioi pezetakoa zen (15.000 euro). Hala ere, taldekideak urtean 12 ale ateratzeko egoskortuta zeuden, eta bazkideei eta publizitateari esker helburua lortu zuten.
Maxixatzen euskara elkarteko kideek musu-truk egiten zuten lan guztia, hasi kazetaritzatik eta marketinetik eta banaketaraino. Sekula egin gabeko lanak egiten ikasi zuten jardunaren bidez. Elkarrizketak, argazkiak, edizioa, maketazioa, diseinua, publizitatea, banaketa… denerako prest zegoen taldea, halakoa zen euren grina. “Gure helburua herriko euskara eta kultura indartzea da. Gure lana, berriz, euskara hutsean azkoitiarrak herrian gertatzen diren kontuez informatzea, herriko taldeen lana zabaltzea eta herritarrek euskaraz irakurtzeko eta idazteko duten zaletasuna indartzea”, zioten Udalari zuzendutako mezu batean.
Nork bere ordenagailuan, etxeko telefonoak astinduz eta denbora librea proiektuari eskainiz eraiki zuten Maxixatzen aldizkaria. Nerea Uranga kazetariaren honako iritzi artikulua argigarria suerta daiteke garai hartako erronken inguruko ideia bat izateko.
Aldi berean, Maxixatzen bezala herririk herri sortu ziren elkarte horiek guztiek koordinatzeko beharra sentitu zuten eta, urtebeteko prozesuaren ostean, Topagunea euskara elkarteen federazioa sortu zuten. Nazio mailako behetik gorako erakundea izateko bokazioarekin jaio zen Topagunea eta bere helburu nagusiena herrietako euskara elkarteen dinamikak aberastea zen. Eratze bilkura 1997ko otsailean egin zen Durangon eta bertara bildu ziren federazioa sortu zuten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 29 elkarteetako ordezkariak. Azkoitiko Maxixatzen Euskara Elkartea ere handik gutxira gehitu zitzaion federazioari.
URTEKO UZTA
GANBARA BERRIAN
Sortu eta urtebetera, 1997ko andremaixetarako, kaleratu zuen Maxixatzenek herri aldizkariaren hamabigarren zenbakia. Ordura arte kaleratutako zenbakien portadak ekarri zituen azalera, oroigarri gisa. Aldizkariak mila harpidedun zituen ordurako, eta horietatik 100 inguru herritik kanpo bizi ziren azkoitiarrak ziren. Urtemugako aldizkariaren editorialak honakoa zioen: «Urte bat igaro da, gezurra dirudi. Urtebete da Maxixatzen euskara elkartea eta herri aldizkaria ezagutarazi zirenetik. Hasierako dudak eta trabak argitzen joan dira». Aurrera egiteko herriko merkatariek eta bazkideek emandako laguntza eskertu zuen euskara elkarteak eta Azkoitiko Udalaren laguntza urria kritikatzeko ere aprobetxatu zuen abagunea.
Gauzak horrela, Udalak elkarteari Kultur Etxean utzitako lokal berria ezagutzera eman zuen Maxixatzenek urtemugako alean. “Azkenean egun haundia iritsi zen, udaletxeak guretzat lokal majo bat aurkitu zuen (…). Lokalaren zati haundi bat sapai azpian dago, baino beste zati haundi bat terraza mundiala da. Sekulako bistak ikusten dira eta gure hasierako egun haiek ahaztu ezinik, bilerak kanpoan egiten ditugu orain ere”, jakinarazi zuten, umorez.
Elkarrekin lortuko zutela sinetsita zeuden eta, bilera hartan, euskarazko herri aldizkari bat sortzea adostu zuten. Berehala ekin zioten lanari.
Bileretarako mahaia, erredakzioaren erdian
Lanean eroso jarraitu zuten eta abendurako bazkide kanpaina berria martxan jarri eta aldizkarian iragarri zuten, gardentasunez erakutsitako datu ekonomikoekin batera. Ale hartan jasotzen da beste nobedade aipagarririk: euskara elkartea kultur ekitaldiak antolatzen hastekoa zen. Lehendabizikoa berezia izan zen, gainera. Ruper Ordorika eta Anari musikariek kontzertua emango zuten Baztartxo antzokian, 1998ko urtarrilaren 10ean.
“Maxixatzen Euskara Elkarteak herriko kultur eskaintza zabaltzeko erabakia hartu zuen eta hileroko aldizkariaz gain beste modu bateko ekintzak aurrera eramateko asmoa daukagu. Diruz urri gabiltzan arren, hurrengo urtean zenbait kultur ekitaldi antolatzeko borondatea behintzat badaukagu, eta bide guztiak isten ez bazaizkigu, ametsa errealitate bihurtzeko bidean egongo gara”, idatzi zuten aldizkarian. Azkoitiko Udalaren eta tabernarien laguntza izan zuten lehen kontzertu hartarako. Eta sekulako arrakasta izan zen, Baztartxo leporaino bete baitzen. “Baziren zutik geratutakoak ere leku faltan, baita pasiluan eserita egon zirenak ere”, jaso zuen kronikak.
Aurrekari paregabe honekin, taldeak indarra hartu zuen aurrera begirako planekin jarraitzeko. Urte hartan bertan, Oskorri & Pub Ibiltaria, bertso afari bat eta Euskal prentsaren etorkizuna izeneko mahai-ingurua antolatu zituzten. Gainera, Floreagako Kultur Jardunaldietako hitzaldi baten protagonista izan ziren. Bestalde, irakurleekin zubi lana egiten hasi zen elkartea eta martxoan lehendabiziko bilera irekia deitu zuen.
Irizar, Garmendia eta Garate, Floreagako IX. Euskal Kultur Jaialdietan
Urte hartako abuztuan, proiektuak bi urte bete zituenean, aldizkarian estreinakoz ikus daiteke Maxixatzen Euskal Herriko beste hedabideekin jorratzen joan den harremana. Izan ere, 1998ko uztailaren 15ean, Baltasar Garzonen aginduz itxi zituen Poliziak Egin egunkaria eta Egin-Irratia, bai eta haren arduradunak atxilotu ere. Ondorioz, abuztuko Maxixatzenen salaketa eta atxikimendu manifestua argitaratu zuen elkarteak.
Arlo komunikatibora bideratzen ziren Maxixatzenen energia, denbora eta baliabide gehienak, baina taldeak inoiz ez zuen iparrorratza galdu: euskara zen proiektuaren arima, hau da, euskararen normalizazioa eta erabileraren sustapena. Hori dela eta, Bai Euskarari eta Korrika bezalako egitasmoekin bat egin zuen taldeak bere hastapenetik, eta bidelagun izan ditu harrezkero (Euskaraldiarekin, oraintsuago). Horren adibide da Kontseiluak 1998an abiatutako XXI. Mendeko Akordioa: Bai Euskarari! herriz herriko dinamika kanpainari babes osoa eman ziola Maxixatzenek, herriko hainbat erakunde eta elkarterekin batera (Udala, ikastetxeak, Txintxer Gazte Elkartea, Azkoitiko EHE taldea…). Akordioaren aldeko atxikimenduak jaso, Kontseiluak euskararen alde egin zuen proposamena kalez kale aurkeztu, eta herritarren aldekotasuna agerrarazteko batzordearen parte izan zen Maxixatzen euskara elkartea ere.
Urte hartako abenduaren 26an antolatutako ekitaldia izan zen, dudarik gabe, kanpainaren goia jo zuena. Herritarrak euskararen alde mobilizatu eta Euskal Herriko bost estadio betetzea erronka izugarria zen. Eta erantzuna, apustuaren neurrikoa izan zen. Izan ere, 120.000 lagun izan ziren bertan eta beste milaka pertsona sartu ezinik geratu ziren. Agilera (Miarritze), Anoeta (Donostia), Mendizorrotza (Gasteiz), Sadar (Iruñea) eta San Mames (Bilbo) leporaino bete ziren euskarari baietz esateko. Egun historikoa izan zen euskaltzaleentzat.
Ruper Ordorika eta Anari, elkarrekin, Baztartxon
Bai Euskarari prentsaurrekoa Azkoitiko Kultur etxean
EKAITZA DATOR
Denborak eta aldizkariaren zenbakiek aurrera egin ahala, kazetaritza proiektua sendotzen zihoan neurri berean ahultzen joan ziren elkartearen diru kontuak. Hiru urte betetzerako, 1999an, taldeak proiektu berri bat zuen eskuartean. Baina abendua iristerako, Maxixatzenek laguntza-oihu ozen bat egin zuen lau haizetara. “Ba al dakizu esku artean duzun MAXIXATZEN hau AZKENEKOA izan daitekela?” irakur zitekeen azalean, letra larriz.
Barruan, aldarria argia zen: “Publizitatean diru-iturriak tinko jarraitzen dute baino instituzioetako dirulaguntzak ez dira nahikoak (…) Maxixatzen egiten dugunok ez gara orain artean egindakoarekin konformatzen eta hobetzeko nahiak ideia berriak gauzatzera mugitzen gaitu. Ezinbestekoa zaigu profesionalizazio maila lortzea eta horretarako bi langile liberatu behar ditugu lehenbaitlehen”. Honenbestez, Azkoitiko Udalari diru-laguntza finkoa eskatzen zioten, urtero ziurtatutako zena eta taldearen beharretara egokitutakoa. Garai hartan, urtean 6.000 euro jasotzen zituen taldeak Udaletik.
Maxixatzen-en prentsaurrekoa egoera ekonomiko txarra dela eta
Aldi berean, proiektua sostengatuko zuen diru iturrien bila buru-belarri ekin zioten. Batetik, saltokia jarri zuten larunbatero azokan, eta bertan egutegiak eta elastikoak eta bestelako kinkillak saltzen zituzten. Bestalde, kideek beste apustu bat egin zuten eta kultur eragile gisa urrats ausarta eman zuten. Mahai-joko bat sortu zuten, euskara aisialdira eta etxe guztietara helarazteko asmoarekin. “Hitzirudia” Trivial eta Pictionary jokoen arteko hibrido xume bat zen, euskaran eta euskal kulturan sakontzea helburu zuena. Diru iturria izateko jaiotako proiektua porrota izan zen eta zorren zuloa handitzen lagundu besterik ez zuen egin.
Hala eta guztiz ere, euskararen eta euskal kulturaren aldeko konpromisoari eutsi eta proiektu berrietan parte hartzen jarraitu zuen Maxixatzenek, etorkizunean konfiantza osoa jarrita. Egitasmo horietako bat izan zen Topaguneak 1999an abiatutako Kultur Errota, euskara elkarteen kultur egitasmoa trinkotu, osatu eta zabaltzera zetorren kultur proiektua. Kultur Errotak bi helburu nagusi zituen: euskara elkarteentzat kultur ibilbide bat eskaintzea, eta izaera anitzeko kultur jarduera zabala egituratzea. “Tokian tokiko amateur zein profesional mailako kulturgileei zirkuitu duin bat segurtatzea eta kulturaren ortzimuga berriak herri guneetako eguneroko arnasean txertatzea ditu helburutzat”, azaldu zuen Topaguneak egitasmoa elkarteko kideei aurkezterakoan.
Maxixatzen hastapenetik hasi zen Kultur Errotan parte hartzen, izan ere, proiektuak segurtasuna eta babesa ematen zien kultur ekimenak antolatzeko orduan. Formatu txikiko proposamenei lehentasuna eman zien Kultur Errotak, eskaintza berri bat sortu eta horretarako behar adinako baldintzak ahalbidetuta. Finean, Topaguneak zera bilatzen zuen, elkarte bakoitzaren kultur jarduera eta eguneroko dinamikarako eskaintza egokia bideratzea eta kultur-harrobiaren lana egitea. Aberasgarri ez ezik, kultur elkarteentzat bideragarri izatea bilatzen zen.
Datu-base oparoa osatu zuten maila profesionalean ziharduten kulturgileak (Anje Duhalde, Joxan Artze, Tapia eta Leturia, Amaia Zubiria, Mikel Urdangarin, Juan Antonio Urbeltz, eta abar), hasiberriak (Ander Lipus, Aire Ahizpak, Petti, Ur Apalategi, etab.) zein herri bakoitzean unean-unean sor zitezkeenak saretuta.
Formatu txikiko ikuskizunez gain, kontzertu handiak antolatzen jarraitu zuen Maxixatzenek. Udalarekin lortutako akordio bat baliatu zuten Benito Lertxundiren eta Oskorriren kontzertu bana antolatzeko, adibidez. Ondorioz, 2000. udaberrian programatutako Kupeletan erronkan dantza eta bertsolaritza ikuskizunak, eta aipatu kontzertuek emaitza onak ekarri zizkieten eta azkoitiarren gozamenerako aukera paregabeak izan ziren.
Diru-laguntza publikoak ere urtero iristen ziren baina ez ziren nahikoa izaten egitasmoaren dimentsioari aurre egiteko. Erakunde publikoei dagokionean, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azkoitiko Udalaren diru sailak jasotzen zituen Maxixatzenek urtero. Nahiz eta diru laguntza igo ez, Udalak bestelako laguntza eskaini zion Maxixatzeni, bi ordenagailu eta inprimagailu bat erosita.
Denboraren poderioz, ekimen pribatutik diru-laguntzak iristen hasi ziren. Bakoitzak bere neurrian baina fideltasun handiarekin, urteak joan eta urteak etorri, ekarpen garrantzitsuak egin zituzten Danobat, Domusa, Jasokunde Kooperatiba, Kutxa, Laboral Kutxa edo Lan Mobel bezalako enpresek eta baita herriko tabernarien elkarteak ere.
Eta jarduera profesionalizatzeko garaia iritsi zen azkenik. Maxixatzenek bi langile kontratatu zituen, administrazio, diseinu, marketin eta kazetaritza lanak egiteko. Maine Beristain Oñederra eta Irene Elorza Gereño izan ziren kontratatutako aurreneko bi langileak. Haien ondoren beste batzuk etorri ziren. Maxixatzenen erredakziotik eta elkartetik pasa dira, besteak beste, Urko Canseco Alkorta, Gus Jimenez Vaquero, Mailu Primo Goenaga, Aitziber Arzallus Elola, Ianire Gallarin Arrizabalaga komertziala, Ana Zubizarreta Goya, Olaia Juaristi Zabala eta Andoni Elduaien Soraluze.
Barruan, aldarria argia zen: “Publizitatean diru-iturriak tinko jarraitzen dute baino instituzioetako dirulaguntzak ez dira nahikoak (…) Maxixatzen egiten dugunok ez gara orain artean egindakoarekin konformatzen eta hobetzeko nahiak ideia berriak gauzatzera mugitzen gaitu. Ezinbestekoa zaigu profesionalizazio maila lortzea eta horretarako bi langile liberatu behar ditugu lehenbaitlehen”. Honenbestez, Azkoitiko Udalari diru-laguntza finkoa eskatzen zioten, urtero ziurtatutako zena eta taldearen beharretara egokitutakoa. Garai hartan, urtean 6.000 euro jasotzen zituen taldeak Udaletik.
Hitzirudia
Kultur Errota
Azkoitiko Baztartxo antzokian bertolaritza dantza eta sagardotegi jaialdia
BARATZEA ALA BEROTEGIA?
2000. urteko udan, “Azkoittierazko arauak finkatzeko bilera” deialdia egin zuen euskara elkarteak. Deiak ez zuen fruiturik eman, antza, baina Maxixatzen proiektuaren hastapenetik sortutako kezka baten isla zen. Aldizkariaren lehendabiziko zenbakitik planteatu zen zalantza garrantzitsua: batuan ala Azkoitiko hizkeran idatzi?
Maxixatzen hilabetekariaren 0 zenbakian Anastasio Albisu Aierdi apaiz eta idazleari Imanol Amianok egindako elkarrizketan, Maxixatzenek euskara batuan ala herrikoian idatzi beharko al zukeen galdetuta, zera erantzun zuen abadeak: “Hori zuek erabaki behar duzue, ni ez nauk sartuko hortan. Nahiz eta h bat jarri edo ez, ez ziok asko inportik. Nik esaten dudana dek ez dugula elite batentzat idatzi behar, herriarentzat baizik, bestela gutxi batzuk irakurriko diate soilik”.
Bietarako jarrerak eta arrazoiak aurki zitezkeen bai kalean baita adituen artean ere. Behin eta berriz mahaigaineratzen zen ataka baten aurrean zegoen elkartea. Nola idatzi herriko jendearen hizkeratik urrundu gabe, jende askorentzat ulergaitzak diren idatziak sortu gabe, eta komunikazioa erraztuz? Maxixatzenen, hasieratik agertu ziren testuak bi eratara baina arautu gabeko auzia zen eta buruhauste ugari ekarri zizkien taldekide zein irakurleei.
Kezka honen adierazgarri dira, besteak beste, Maxixatzenek 2002an antolatutako bertso saioan Andoni Egañaren eta Amets Arzallusen ahotik Baztartxo antzokian entzun ziren bertsoak:
Gaia: ‘Maxixatzen’ Azkoitiko herri aldizkariko langileak zarete. Zuk, Amets, azkoitiarrez idatzi behar dela diozu; Egaña, zu, aldiz, batuaz idaztearen aldekoa zara
BERTSOA entzun
2004an, bestalde, Maxixatzenek antolatu zuen III. Kultur Astearen baitan, Xabier Amurizak Euskara batua eta euskalkiak nola lotu izenburuko hitzaldia eman zuen, Kultur Etxean. Aldizkariari emandako elkarrizketa batean honela mintzo zen Etxanoko bertsolari eta idazlea: “Garbi daukat, maila nazionalean ari naizenean, batuaz egin behar dudala. Hala ere, hasi naiz, Bizkaitik kanpo bizkaieraz hitz egiten, baina bizkaiera jaso batean”.
‘Batua versus euskalkia’ kezkak denboran zehar mantendu den seinale dira irakurleak jarraian aurkituko dituen honako bi hitzaldi hauek ere. Bata 2013 urtekoa eta bestea 2016koa, eta biak Maxixatzenek antolatutakoak. Lehena, Juan Luis Zabala eta Iñaki Segurola bailarako idazleen eskutik etorri zen Euskara batua eta herri hizkerak. Azkoitia-Azkoitixe izenburupean. Boxeo-borroka dialektiko baten antza izan zuen topaketak.
Gaiaren inguruko bigarren hitzaldia, Euskalkien sorlekuak eta Azkoitiko euskara izenburupean Koldo Zuazo hizkuntzalariak eman zuen 2016ko maiatzaren 26an:
Euskara batua eta Herri hizkerak
Euskalkien sorlekua eta Azkoitiko euskara
Zuazok esandakoaren arabera, “Azkoitian bertako euskalkiak eduki beharko luke lekua”. Euskara batua eta euskalkiak konbinatzearen alde agertu zen hizlaria. ”Egoera orekatua Azkoitian, azkoitiarrak hemengo euskaraz aritzea da eta inguruko jendearekin-eta euskara batua erabiltzea, erabili behar den kasuetan. Noiz? Zazpi herrialdetako euskaldunak elkartzen garenean edo urruneko euskaldunekin elkartzen garenean, edo literaturan, edo Berria egunkarian, EITBn edo horrelakoetan; baina, bestela, gurea”, esan zien Elkarguneko aretora gerturatutakoei.
Edonola ere, denboraren poderioz euskara batua gailendu da Maxixatzen herri komunikabidearen kazetaritza-jardunean. Baina estandarra erabili arren, lexikoan eta sintaxian bertakoari bere lekua ematen saiatu da beti lan-taldea, aberastasun estilistikoaren mesedetan. Horren adibide dira Azkoitiko euskarak herri komunikabidean betidanik izan duen lekua, Azkoittiko euskerie izeneko atalean, eta baita 2004an argitaratu zuten Azkoittiko gaitzizenak liburuan ere. Gainera, hedabidean ahoz landutako piezak, hala nola, herritarrak agertzen diren bideoak edo audioak, bereizi behar dira zeren ahozko hizkuntza lantzean euskalkia erabiltzea naturaltzat jotzen da. Beraz, berotegi ala baratze, hizkuntz arautu ala ‘basa’, biak dira Maxixatzen lursailaren parte.
EREINTZETAN SARTUTA
Aldizkariak lau urte bete eta hilabete gutxira, 2000ko abenduko 50. zenbakidun aldizkarian, Maxixatzenek hamabostekari bihurtzeko asmoa iragarri zuen, “gai gehiago eta egunerokoagoak” kaleratzeko helburuarekin. “Arrazoietako bat izan da euskaraz irakurtzeko zaletasuna areagotzea; orain lau urte pizten hasi ginen, orain pixka bat finkatuta daukaguna areagotzea izango litzateke”, azaldu zuen Karmen Irizarrek prentsaurrekoan.
Orrialde gutxiago zuen aldizkari berriak baina gaiek eta albisteek gaurkotasun handiagoa zutela ezin ukatu. Publizitateari dagokionean, iragarleak fidelizatzeko apustua egin zuen taldeak eta tarte berezia gorde zien aldizkarian, Gure iragarleak atalari esker. Gainera, euskara elkarteak aldizkaria profesionalizatzea lortu zuen, bi langile kontratatuta. Hala, 2001eko urtarrilean kaleratu zen azken hilabetekaria eta otsailarekin batera iritsi zen lehen hamabostekaria.
Maxixatzen hilabetekaritik hamabostekarira
Erredakzioa lokalez aldatu zen ekainean, Kultur Etxeko azken solairuko alde batetik bestera. Baina garai hartan taldeari energia gehien eskatu zion ekimena 5. urtemugako ospakizuna izan zen. Sekulako ilusioa eragin zuen efemerideak eta hordago jo zuten handira: Fermin Muguruza musikariaren kontzertua ekarri zuten uztailean. Eguraldia kaxkarra zela, data xelebrea zela edo auskalo zein faktore zirela medio, Floreagako patioan antolatutako kontzertua ez zen espero bezain arrakastatsua izan.
Zauriak miazkatu eta aurrera egitera ohituta zegoen taldea eta halaxe egin zuten orduan ere. Hiru kultur ekitaldi antolatu zituzten segidan: Ibiltarixanak (Iñigo Aranbarri eta Jose Luis Otamendi idazleek eta Bide Ertzean taldeak ondutako poesia, bideo eta musika ikuskizuna); bertso saio bat; eta Tapia eta Leturiaren zuzeneko emanaldia.
Udazkenerako, baina, bazuten beste egitasmo bat jomugan. Euskararen Kale Erabileraren IV. Neurketa osatzeari ekin zioten, kalera jaitsi eta belarriak zabal-zabalik jarrita. Euskal Herriko Kale Neurketak, Euskal Herri osoan, eremu publikoan (kalean) euskararen ahozko erabilera neurtzen du. Estreinakoz 1989an egin zen neurketa hori, geroztik lau urtean behin errepikatu da Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen (SEI) eta Soziolinguistika Klusterra erakundeek sustatuta.
Maxixatzenek IV. Kale Neurketan parte hartu zuen lehenengo aldiz. Izan ere, neurtzen ez dena ezin dela hobetu jakitun, Azkoitiko elkarteak herrian euskarak bizi zuen egoera bertatik bertara ezagutzeko urratsa ematea erabaki zuen. Azaroaren 8an eta 10ean bildutako datuen arabera, azkoitiarren %70ak euskaraz hiz egiten zuela ondorioztatu zuten; gizonezkoen %67,1ek eta emakumeen %55,4k, hain justu ere.
2002. urteak nobedade aipagarri bat ekarri zuen. Irakurzaletasuna sustatzeko helburua zuen kanpaina berri bat, hain zuzen. Euskarazko literatura ezagutzera eman eta zabaltzeko sortu zuten Irakurri eta oparitu kanpaina herriko euskara elkarteak eta Azkoitiko Udalak. “Maxixatzenen helburuetako bat Azkoitian euskaraz liburuak irakurtzeko ohitura bultzatzea da, nabaria delako Azkoitian euskaraz gutxi irakurtzen dela”, azaldu zuten orduan.
«Irakurri eta oparitu» egitasmoa
Egitasmoari esker, irakurleek udal liburutegira joan eta ehun liburuk osatzen zuten zerrenda batetik liburu bat hartu behar zuten. Maileguan hartutako liburu hori irakurri ondoren, liburutegira itzultzerakoan, berariaz prestatutako fitxa bat bete behar zuen irakurleak eta, ondoren, herriko liburu dendetan aurkeztu behar zuen. Horrela eskuratu zezakeen hautatutako liburua %50eko, 75eko edo 100eko deskontuarekin, beste norbaiti oparitzeko.
Harrera epela izan zuen egitasmoak eta 50 bat herritarrek bakarrik parte hartu zuten. Hala ere, haien artean oso balorazio ona jaso zuen ekimenak. Alde batetik, denboran iraun egin zuelako beherapenen pagotxak eta, bestetik, liburuen zerrenda anitza zelako. Herriko idazleak zein nazioarteko literatura aurki zitekeen bertan; generoari dagokionean ere denetarik zegoen eskuragai, eta itzulpengintzak ere pisu handia zuen eskaintzan. “Garbi dago oraindik bide luzea daukagula euskarazko liburuen irakurketa erdarazkoen parera iristeko, baina Irakurri eta oparitu bezalako ekintza hau bide horretan egin dugun pauso bat izan dela ziur gaude”, berretsi zuten taldekideek.
Urruneko 2002 hartan beste erabaki garrantzitsu bat hartu zuen elkarteak: kultur ekimenak urtean zehar sakabanatuta eskaini beharrean, denbora epe jakin batean bilduta antolatzea eta eskaintza trinkoago bat egitea, hain zuzen. Batetik, Udalak emandako diru-laguntza finkoagoa eta denboran iraunkorragoa izatea lortu nahi zuten; bestetik, oihartzun handiagoa bilatzen zuten, bai herrian bai Azkoititik kanpo ere. Horrela jaio zen Kultur Asteak antolatzearen ideia. Honela azaldu zuten uztailean deitutako Bazkideen Batzar Orokorraren ostean jasotako aktan: “Esan behar da (kultur) ekintza batzuekin galerak ugariagoak direla irabaziak baino, hala ere, 2002ko ekitaldian Udalarekiko hitzarmena birnegoziatua izan da eta alde horretatik segurtasun maila haundiagoa dugu kultur ekintzak antolatzeko garaian”.