Seleccionar página

LUGORRI UTZI BEHARREAN

2009ko hasierarekin bat ohar kezkagarria argitaratu zuen Maxixatzenek. Egoera ekonomiko txarrean eta ahituta zegoen elkartea. Aspaldiko aldarrikapen bati eutsi zioten berriro aldizkariaren orrien bitartez. Azkoitiko Udalari lau urteko lankidetza-hitzarmena eskatzen zioten: “Azken lau urteetan Udalaren partetik 14.000 euro jaso ditugu eta diru kopuru hori handitzea ezinbestekoa da Maxixatzenen iraupenerako”. Proiektuaren %50 inguru autofinantziazioaren bidez eraikitzen zen garai hartan, baina erakundeetatik babes handiagoa behar ei zuen taldeak. Eta inbertsio horiek ez ziren iristen edo zatika eta denboran banatuta heltzen ziren, eguneroko martxari eragozpen nabarmenak sorraraziz. Elkartearen eta Udalaren arteko tirabirak aldizkarian izan zuen islarik, baten zein bestearen erantzunak argitaratzen joan baitziren.

Udaberri hartan, elkarteak VI. Film Laburren Zirkuituaren emanaldia ekarri zuen herrira eta, betiko moduan, 16. Korrikari babesa eman zion taldeak. Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren hirugarren txanda antolatzeko kemena ere aurkitu zuen. Baina aldapa gora egiten hasi zitzaien eguneroko jarduna eta, batik bat, aldizkaria berme guztiekin ateratzea.

Handik hilabete gutxira, maiatzaren hasieran kaleratutako Maxixatzen aldizkariaren azalak argitalpenak etena izango zuela iragarri zuen: «Maxixatzen hiru hilabete eta erdiz gelditu egingo da ezinbestean. Egoera ekonomiko larriak ez digu uzten aurrera egiten». Ale ia monografikoa kaleratu zuten egoera berriaren ikuspuntu desberdinak plazaratu asmoz.

Ekonomikoaz gaindi, bazen etenaldirako beste arrazoi pisuzko bat ere. Urteetan Udalarekin izandako harremana gaiztotzen joan zen, Udal aldizkariaren sorreratik aurrera. 2008az geroztik Kontzejupetik hilabetekaria ateratzea erabaki zuen Udalak eta Maxixatzenek baino diru-laguntza handiagoa izan zuen hasieratik.

Maxixatzen aldizkariaren jarduna eten eta euskara elkartea bera kili-kolo geratu zen, lau lagunera murriztutako lantaldea nekatuta eta animo gehiegirik gabe baitzegoen. Ez-ohiko batzarra deitu zuten bazkideei elkartea bukatutzat ematen zutela komunikatzeko. Baina bazkideen ezezkoa jaso zuten. Aldizkariaren etenaldia ulertzen zuten, baina ez elkartearena. Taldea berrindartu beharra zegoen eta halaxe gertatu zen, pixkanaka, kide historikoen bultzadari esker.

Udalari finantziazioa handitzeko eskatuz manifestazio jendetsua antolatu zuen Maxixatzenek

Egunkaria aurrera

Herritarrek sinaduren bitartez sostengatu zituzten euskara elkartearen aldarrikapenak

Topagunearen baitan ematen ari zen fenomeno baten parte zen Maxixatzenen krisialdia. Izan ere, euskaldunon elkarteetan transmisioa falta zen eta jakintza soziolinguistikoa ere ahula zen oro har. “Diskurtsoz ahul ikusten da oro har euskara elkarteen mugimendua (eta euskalgintza)”, aitortu zuen Topaguneak. Hori dela eta, euskara elkarteek gogoetarako tartea hartu zuten: “Gelditu, pentsatu eta berriro hasi¨esaldia behin eta berriro aipatu da; euskara elkarteetan gure buruaz birpentsatzeko, gure mugimendua berrasmatzeko, gogoa dago” (Topagunea, 2010).

Aurreikusi baino luzeagoa izan zen etena, horrelakoetan gertatzen den bezala. Izan ere, behin frenoa botata eta inertzia galduta, oso zaila izaten da erritmoari eustea eta berriro abian jartzea. Baina Maxixatzenekoek bazuten zeregin garrantzitsuago bat eskuartean. Euren burua teorikoki janzteko asmoz eta etorkizunerako taldea sendotzeko helburuarekin, Azkoitiko euskara elkarteko kideek barrura begirako egitasmo bati ekin zioten:  “Herriko 12-15 bat laguneko taldea osatzea dugu helburu, ikaste prozesua burutu ondoren Azkoitian euskararen garapenaren bidea markatzeko prestaketa teorikoa izango duena, talde baten babesa izango duena eta autonomiaz jokatuko duena”.  Horretarako, soziolinguistikan nahiz euskara kontuetan adituak ziren hainbat lagunen hitzaldiak antolatu zituzten.

Formazioa behar-beharrezkoa ikusten zuten, beraz; ez bakarrik lantaldearentzat, baita bazkideentzat ere.

Ikastaro eta hitzaldietan jasotako informazioarekin eta herrian atzemandako hutsuneei aurre egin asmoz, Maiatzeko Lorak kontzertu eta hitzaldi sorta antolatzen hasi ziren. Halaber, euskararekin jolas eginez herritarren parte hartzea sustatzea helburu zuten Orbel Jokoak ere jarri zituzten martxan.

Bertso saio jendetsua, Floreagako aretoan

Egunkaria aurrera

Orbel Jokoen finala, Elkargunean

Agerkari honetan azaldu zituzten Xiximaxan egitasmoaren nondik norakoak ere. Formazioan ikasitakoa praktikan jartzeko helburuarekin, herriko irakurketa soziolinguistikoa egitea erabaki zuen taldeak. Taldean luze eta zabal hitz egin zuten baina herritarren iritzia biltzea falta zela konturatu ziren. Hori dela eta, 60 herritar bildu zituzten Xiximaxan izeneko world kafe moduko saio batean: bi ordu eta erdiko saioa, sei eta zortzi bitarteko taldeetan banatuta eta elkarteko lagun bat talde bakoitza dinamizatzen. Hiru galderen bueltan eskatu zieten iritzia. Lehen galderan motibazioa zen ardatza, ezagutza bigarrengoan eta azkenekoan erabilera. Ekimen oparoa izan zen han bildu zirenen iritziz. Saioaren arrakasta ikusita, dinamikari jarraipena eman eta bertan agertu ziren kezken inguruan eztabaidatzeko ZUTAGU izeneko foro pribatu bat jarri zuten martxan.

Julen Arexolaleiba, Xiximaxan jardunaldietan, 2010ean

Urte hartako Kulturaldiaren baitako ekimenak iragartzeko ere aprobetxatu zuten aldizkari berezia eta, nola ez, beste bazkide kanpaina bati bultzada emateko ere bai. Lantalde berriaren lan-ildo nagusiak kultura, ikerketa eta komunikazioa ziren. “Hau elkarte, biltoki, topagune bat da. Euskaldunon elkarte bat, euskaraz eta euskararekin lan egin nahi duen jendearen biltoki bat. Euskararen egoeraz kezkatzen direnen biltokia. Azkoitia euskaldun bat nahi dutenen gunea. Politikaz aparte, alderdiez aparte, ideologieaz aparte”, baieztatu zuen Olaldek jendaurrean.

Handik gutxira, 2011ko otsailaren 26an, Euskara Elkarteen Mugimenduaren Kongresua egin zuen Topaguneak Bilbon, “XXI. Mendeko Euskaldunon Kongresua” izenburupean. Maxixatzen Euskara Elkarteko lehendakari Karmen Irizar Kongresuko hasierako eta amaierako hitzak, Bilboko Alondegiko areto nagusian. Kongresuaren baitan azken urtean egindako lanaren berri eman zuen Irizarrek, prozesu parte hartzailea izan zela azpimarratuz eta bertan parte hartu zuten lagun askoren ordu eta ilusioak nabarmenduz.

Bilboko kongresuan onartu zenXXI. mendeko euskaldunon elkarteen oinarriparrak” dokumentua, euskaltzaleen mugimenduaren hurrengo hamarkadetarako ildo nagusiak zehazten zituen txostena. 

Maxixatzenek, baina, ez zuen hain epe luzerako aurreiksupenik. Une ekonomiko zaila bizitzen ari zen elkartea eta aldizkaria berriro kaleratzea artean urrun ikusten zuten. Egunean eguneko lana bideratzen ari zirela jaso zuten inondik inora espero ez zuten albiste ona: Andra Mari festetako hasierako txupinazoa botatzeko ohorea eskaini zion Azkoitiko Udalak Maxixatzeni, elkarteak euskararen alde 15 urtez egindako lana eskertzeko. Abuztuaren 14an ospatzen zen urteurrena, hain justu ere. Maxixatzenekin batera Sahatsa dantza taldeak bota zuen festei hasiera emateko etxafuegoa, talde honek kulturgintzan egindako 35 urteko lanaren aitorpen gisa.

Elkarte bakoitzeko ordezkariak igo ziren udaletxeko balkoira, tartean, Karmen Irizar eta Maine Beristain Maxixatzenetik. 

Egunkaria aurrera

Maxixatzeneko Kide Maine Beristain, 2011ko Andraixetako suziria pizten

NOLAKO LAGUNA

HALAKO JARDUNA

Hurrengo urtean, 2012an, Topagunetik nobedade gehiago iritsi ziren. Elkartearen oinarriak eta norabidea behin ondo finkatuta, gogoetaren bigarren saioari ekin zioten Federaziotik mugimendura izeneko II. Kongresuan. Antolaketa, finantziazio eta jarduna izan ziren aztergai nagusiak. Federaziotik mugimendura. Eraldabideak izenburuko txostenean 19 ondorio nagusitan bildu ziren Topagunearen lehentasunezko eginkizunak. Kongresuaren ondorioz, lehen erabakietako bat izan zen ordura arte Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa izan zena Euskaltzaleen Topagunea izatea.

Bigarren nobedadea, Tokikom toki komunikabideen bateragunearen sorrera izan zen. Toki hedabideek beren eraginagatik, jardueragatik eta tamainagatik beti izan dute garrantzi handia Topagunearen jardueran. Arlo honen profesionalizazio handiak eta eskatzen duen erritmoak bultzatuta sortu zen ekimena. Gaur egun nagusiki tokiko informazioa lantzen duten 60 hedabide kudeatzen dituzte Tokikom bateraguneko bazkideek. Hiru zeregin nagusi ditu: toki hedabideen solaskidetza bateratua, jarduera esparru komunen kudeaketa eta sektorearen garapena zein hedapena.

Kongresuaren ondoren, mugimenduaren kohesioa eta barne transmisioa lantzea garrantzitsua zela adostu zuten Euskaltzaleen Topaguneko kideek. Horretarako, bilgune berriak antolatzen hasi ziren eta festa giroko topaketak antolatzeari ekin zioten. 2012tik 2015era, Topaguneak eta tokian tokiko euskara elkarteek Topaegunak antolatu zituzten, hurrenez hurren, Azkoitian, Soraluzen, Derion eta Lasarte-Orian.

Azkoitian izan zen lehen jardunaldia, besteetan egingo zenaren entsegu moduko bat. GUNEA eguna deitu zioten aurreneko bilguneari. Oteiza pilotalekuetan abiatu zen eguna harrera ekitaldi batekin. Ondoren, 25 ideia on, (in)formazio pilulak eta Umegunea zabaldu zituzten. Eguerdi partean, euskara elkarteen azoka egin zuten herriko plazan eta bertatik abiatuta Kantu Jira izan zen. Sukaldegunea Kontzejupean kokatu zuten eta plazan ospatu zen herri bazkaria. Bertan egin zituzten arratsaldeko ekitaldia eta erromeria. Eguna jai giroan bukatzeko, txarangaren doinuek alaitu zituzten herriko kaleak.

2012-5-19 Topaeguna Azkoitian

Hurrengo bi urteetan lanean jo ta ke jarraitu zuen taldeak, besteak beste, atari digital baten proiektua garatzen. Maxixatzen Herri Komunikabidea egitasmoa definitzen joan zen elkartea, etorkizunean indarberrituta eta osatuago itzultzeko asmo irmoarekin.

2013ko neguan, Maxixatzen Euskaldunon Elkartea, Auzoko egitasmoaren bultzatzaileetako bat izan zen, Azkoitiko Udalarekin elkarlanean. Euskaltzaleen Topaguneak eta UEMAk 2009an abiatu zuten Auzoko izeneko programa herrira ekarri zuten, aspaldiko kezka bati erantzuteko: herri euskaldunetara zetozen etorri berriei hizkuntza harrera egitea.

Euskara ardatz hartuta aniztasunaren kudeaketan ekarpena egitea bilatzen zen egitasmoarekin. Hiru helburu nagusi zituen proiektuak: Euskaratik urrun bizi zirenak euskarara hurbiltzea; herritarrak euren herrietako hizkuntza aniztasunaz jabetzea eta hizkuntza desbedinetako herritarrak harremanetan jartzea, norberarena aintzat hartuta, euskara kohesio hizkuntza izan zedin.

Bide batez, herritarren parte hartze publiko aktiboa bultzatzen zen, hizkuntzen arteko zubiak eraiki, euskal hiztunak euskarari eustearen eta erabiltzeren garrantziaz ohartarazi, eta herritarren arteko harreman sare horizontalak landu eta osatzen ziren.

Tere Aldalur Juaristi izan zen Auzoko programaren arduradun eta dinamizatzailea. Auzotarrak (euskaraz dakiten herritarrak) eta auzokideak ( euskaratik urrun daudenak) elkartu eta harreman sare bat sortu zen programari esker. Aurrena kartelak jarri eta jakin-min kanpaina bat egin zuten, herritarren arreta erakartzeko. Ondoren, lehiaketa bat jarri zuten martxan. Azkenik, auzokoek eta auzokideek osatutako lagun taldea eratu zen eta elkarrekin biltzen hasi ziren, modu ludiko batean hitz egin eta solasean aritzeko. Taldearen funtzionamendua ludikotasunean, horizontaltasunean, elkar ezagutzan eta elkar aitortzan oinarritu zen.

Auzoko programa Kontrako Eztarrixe irratian

Auzoko programa

Bestalde, eta isileko lan eskerga egin ondoren, Maxixatzenek Azkoitiko euskararen egoerari buruzko ikerketaren emaitzak aurkeztu zituen, 2013ko apirilean. Ikerlanaren datuak zein ondorioak bazkideen artean banatu zuten liburuxkan bildu zituzten:  “Hizkuntza kontuetan non gauden, nora joan nahi dugun eta gerora beharko dugunari buruzko ikerketa lana dakargu eskuartean”, azaldu zuen elkarteak.

Horrenbestez, Azkoitian euskarak zuen egoeraren irudia osatu nahi zuen elkarteak. “Azkoitiko euskal hiztunek euskararen inguruan dituzten eta izan dituzten bizipenekin, pertzepzioekin eta kezkekin herrian euskarak bizi duen egoeraren marrazkia osatu dugu”, jasotzen du hitzaurreak. Ikerlana hiru ataletan banatuta zegoen. Lehenik, erabilitako metodología azaldu zuten. Bigarrenik, Azkoitiko datuak aztertu zituzten (biztanle kopurua, ezagutza eta erabilera); eta, bukatzeko, datuetatik haratagoko irakurketa egin eta Azkoitian euskarak une horretan bizi zuen egoera aztertu zuten, hiztuna, gizartea eta hizkuntza ardatz hartuta.

Bien bitartean, Azkoitiko Udalak koordinatzen zuen Euskara Mahaia, hau da, euskararen bueltan aritzen ziren herriko eragileak, berriro elkartzen hasi zen. Mahai horretan ikusi zen Maxixatzen herri komunikabideak Azkoitian utzitako hutsunea nabarmena zela. Proiektua berriz martxan jartzeko asmoz, talde bat sortu zen eta hainbat lan egin ziren: bideragarritasun plana, elkarrizketak, hautaketa probak…

Euskararen hautematea. Azkoitia XXI. mendean hiztuna, gizartea eta hizkuntza