LURRA ASTINDU ZENEKOA
2003an bi lurrikara ezagutu zituen Maxixatzenek. Lehenaren epizentroa ez zegoen Azkoitian baina haren hedatze-uhinak euskaltzale guztien bihotzak bortizki astindu zituen. Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria eta haren interneterako bertsioa itxi zituen otsailaren 20an, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmoren aginduz. Hurrengo hilean EGUNKARIA AURRERA! ale monografikoa ondu zuen Maxixatzenek. Elkartasun Eguna ere antolatu zuten.
Dinamika osoaren beheko kanpaleku bihurtu zen Maxixatzeneko egoitza. Urtebeteko lan gogorra egin zuten herriko hainbat boluntariok Egunkariari babes ekonomikoa zein emozionala emateko. Taldea martxoaren 3an elkartu zen lehenengo aldiz, Kultur Etxean. Aurreneko bilera hartan bildutakoek hitz egiteko behar handia zuten, hain zen sakona Madrildik eragindako zauria. Berehala sortu zen talde bat bidegabekeria horri aurre egiteko.
Egoeraz teorizatzen hasi baziren ere, istantean ohartu ziren hitzetatik ekintzetara pasatu beharra zegoela. Egunkariaren egoitza nagusitik jasotako pautei jarraituz ekin zioten bideari eskualdeko batzordeek, bakoitzak bere norabide eta izaerarekin. Azkoitian antolatu ziren hamaika ekimenen artean zozketak izan ziren aipagarrienak, esaterako. Egunkariaren aldeko taldeak astebururo jartzen zuen mahai bat plazan edo eliz atarian, bertan materiala edo akzioak saldu, ekarpen ekonomikoak jaso eta zozketak egiteko. Otarratxoak prestatu eta errifak saltzen zituzten aldiro, arrakasta handiz.
Bestalde, apirilaren 6an, 13. Korrika Azkoititik igaro zenean, Egunkariaren aldeko batzordeari utzi zioten Plaza Berriko zatia korritzen. Kazetaren aldeko elastiko urdina soinean eta lekukoa eskuan zutela Egunkaria aurrera! oihu artean eta herritarren babesarekin ibilbide hunkigarria osatu zuten taldekideek. Ekimen bereziekin bukatzeko, Kutxidazu bidea, Ixabel antzezlan ezagunaren emanaldia antolatu zuten Baztartxon eta aretoa goraino bete zen.
“Azkoitian 36.872 euro lortzeko helburua jarri zuten, eta ekarpen ekonomikoa neurtzeko termometro bat sortu zuen taldeak; «ilusioa gora eta gora zihoan». Eta goia jo zuen. Aurreikuspenak gainditu egin zituzten eskualdeko herri guztietan”, (Urola Kostako Hitza, Herritarren indarra ere babes, 2013).
AZALA: 94. Zkia- 2003ko martxoa
Azkoitiko Egunkariaren aldeko batzordeak antolatutako mahai ingurua
13.Korrika Azkotiatik igarotzen
Maxixatzeneko kideak, 13.Korrikaren lekukoa eramaten
Urte hartako bigarren astindua positiboa izan zen: zazpi urteko ibilbidea laburbilduz argitaratu zuten 100. zenbaki berezian (2003ko uztaila) iragarri baitzuten aurrerantzean aldizkaria astekari bihurtuko zela.
Aldaketa handia zen eta ez zion maiztasunari bakarrik eragiten. Hilean lauzpabost argitalpen ateratzeak asko garestitzen zuen proiektua. Hori zela eta, egunkari formatuarekin eta paper motarekin argitaratzea erabaki zuten udazkenean. Hosto zaharrak galdu eta kimu berriak loratu ziren berriro. Hala jaso zuten editorialean:
«Irakurleontzat hamabostean behin jasotzen duzuen aldizkaria baino ez da, baina orri horien bestaldean gaudenontzat gure eguneroko bizitzan zati handia betetzen duen zerbait da».
Aldizkariaren maiztasuna areagotuta eta zabalkundea handituta, euskararen erabilera indartzea eta, bide batez, Azkoitian euskal giroa sustatzea nahi zuten euskara elkarteko kideek.
“Argitalpenak herriko talde eta iritzi desberdinen plaza izan nahi du, beti ere, euskara erabili eta bultzatuz. Argitalpena alderdi politiko guztietatik eta sigla orotarik at dago. Argitalpenaren lur eremua Azkoitia da, nahiz eta zenbait ale Azkoititik kanpo zabaldu”, azaldu zuten.
Aldizkaria astero egiteak zekarren erritmoari egokitu eta aurrera begira jarraitu zuen Maxixatzenek. Maiztasuna handitu zuten eta Asteon gehigarria zabaltzen ere hasi ziren, 2004ko otsailetik aurrera. Topagunearen eta hainbat bazkideren ekimenez sortutako Herri Komunikabideak Kooperatiba Elkarteak banatzen zuen telebistari buruzko argitalpen hau. Astekari berriak 75.000 aleko tirada zuen eta doan banatzen zen.
Urte hartako azaroan, Bilbon ospatu zen Euskarazko Kazetaritza I. Kongresuan Maxixatzen aldizkariko zuzendari gisa parte hartu zuen Karmen Irizarrek, beste 50 aditurekin batera. EHU, EIE, UEU, Topagunea eta Berria kazeta izan ziren kongresuko antolatzaile eta babesleak. Azken 30 urteetan egindakoaz gogoeta egin eta etorkizunerako erronkei erantzun egokia emateko asmoz antolatu zen topaketa. Karmen Irizar Genero ikuspegiaren gabeziak euskarazko prentsa idatzian gaiari buruz aritu zen Euskalduna Jauregian.
Kazetaritza euskaraz:¨ Oraina eta geroa. Karmen Irizarren hitzaldia, 309. orrian
Maxixatzenen albistea https://issuu.com/maxixatzen/docs/151
Urtea esne-mamitan bukatzeko, arestian aipatu dugun liburu bat plazaratu zuen Maxixatzen Euskara Elkarteak. Lander Mujika Garmendiak eta Haritz Elorza Lasak idatzitako.
¨Azkoitiko gaitzizenak¨alearekin estreinatu ziren argitaletxe munduan. Zortzi urteko jardunaren ostean, aspaldiko amets txiki bat bete zuten liburu honekin.
Liburuan, Kuku Herri, Martitte, Elosu eta Urrategi bailaretako goitizenak bildu zituzten eta falta ziren bailaretako goitizenak aurrerago argitaratzeko asmoa zuten bigarren ale baterako utzi zituzten. Aizpurutxo, Madarixa eta Izarraitz bailaretako zein kaleko baserrietako goitizenak sekula jaso gabe geratu ziren.
“Herriko berri eman dugu orain arte, eta horretan jarraituko dugu aurrerantzean ere. Horrekin batera gure herriko ondarea jasoko duen liburu sorta hasi dugu, etorkizunari begira jartzeko gure iragana nolakoa izan den jakitea behar beharrezko zaigulako”, adierazi zuten liburuaren hitzaurrean.
Elkarteko bazkideei proiektuan sinesteagatik eskerrak emateko modu bat ere bazen liburua: “Une larrietan laguntza eskatu genizuen eta sekulako erantzuna jaso zuen elkarteak. Indibidualismoa nagusi den garai honetan, eskertzekoa da elkarte batengan konfiantza jartzea”.
Kolektiboaren aldeko apustu betiereko hau garbi ikus zitekeen aldizkariko 190. zenbakian ere. Bi orriko erreportajea argitaratu zuten euskarazko idatzizko hedabideek Eusko Jaurlaritzari egindako eskariarekin. Sektoreari buruzko hausnarketa egin ondoren, euskarazko idatzizko hedabideen ordezkariek milioi bat euro gehiago behar zutela adierazi zuten komunikatu bateratuan. Hiru aldarrikapen nagusi plazaratu zituen kolektiboak: Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzen zenbatekoa urteko lehen sei hilabetean jakitea eta epe horren barruan jasotzea; bost urte izoztuta zeramatzan Kultura Sailaren diru-laguntza handitzea; eta euskarazko gainontzeko hedabideen egitasmoak ere babestea.
Maxixatzen aldizkariaren 100. alearen erdiko orrialdeak
Karmen Irizar, Euskarazko Kazetaritza I. Kongresuan
HAMAR URTEZ ZUTIK
«Aurten Maxixatzenek 10 urte bete ditu», Joseba Agirre Orbegozoren bertsoak
Doinua: Aita izena kanta beharrak
Gogoan dut hamar urte dira
plazan ein zidaten kaso
aldizkari bat eongo zela
jaso nahi al nun akaso
holako eskaintzari nolatan
egingo nion ba paso
aldi oro kaleratze horrek
nahiz dun hamaika arazo
gaur egun ostiralero berdin
etxeetan dugu jaso.
Kejie ta desditxie dugu
herrikoen pentsamendu
egon daitezke herri biztanle
bezain beste sentimendu
zuk ere idatzi dezakezu
horrela nahiko bazenu
bertakoentzat bertako berri
behar genuke mantendu
herri honetan gertatzen denak
horrenbeste ematen du.
Atal batzuk dira orrietan
finko xamarrak direnak
nahiz seguru ez direla sartzen
nahi genituzkeen denak
bakoitzak aukeratu bereak
niretzat hauek onenak
Azkoitin egiten den hizkera
bereziaren barrenak
eta umore biziarekin
jarritako gaitzizenak.
2006a iritsi zen azkenik eta Maxixatzen urteko lehendabiziko aletik hasi zen proiektuaren 10. urteurrenari txinparta ateratzen. Maxixatzen Elkartea 10 urte zure euskara pizten lelopean, logo berriaz gain, urtean zehar egitekoak ziren hamar ekintza iragarri zituzten. Proiektuaren 10. urteurren borobila ospakizun eta lanerako akuilu bihurtu ziren, betiko moduan. 10 urte 10 ekintza ekimena jarri zuten martxan urtea hasi bezain pronto. Kontzertuak, umeentzako jolas-dinamikak, bertso saioak… Besteak beste, erakusketa jarri zuten Torrezurin.
10 URTE MAXIXATZEN
Udaren atarian, berriz, kolaboratzaileen eta elkarteko kideen arteko bazkari jendetsua egin zuten. Astekariaren zenbaki bakoitzeko 8. orria ere erreserbatu zuten Maxixatzenen inguruko kontuak jakitera emateko eta atzera begirako bildumatxoa osatzeko.
Maxixatzen abiatu eta hamar urtera, 2006an, elkarteko lehendakari Karmen Irizar Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko lehendakari izendatu zuten, Joxemari Muxika ordezkatuz. Ilusioz eta arduraz hartu zuen kargua Irizarrek eta kargu-hartze ekitaldian federazioak ezarritako bi helburu nagusi aipatu zituen: «Euskararen erabilera bultzatzea eta tokiko telebistak, legeak ez dituelako euskarazkoak bermatzen «Karmen Irizarrek sei urtez bete zuen Topaguneko lehendakari kargua, eta Mikel Irizarri eman zion lekukoa.
Urte hartan bertan, Bai Euskarari Ziurtagiria jaso zuen Maxixatzen euskara elkarteak. Gainera, Urola Kultur Zirkuituan parte izan zen elkarte azkoitiarra, Zestoako Danbolin Zulo, Zumaiako Baleike eta Txinparta Berri elkarteekin batera. Topagunearen Kultur Errota izeneko ekimenaren parekoa zen azken hau, eskualde mailako euskarazko kultur eskaintza piztea helburu zuena.
Honetaz gain, Aldizka izeneko gehigarria banatzeari ere ekin zioten Maxixatzenen, egitasmo kolektibo baten baitan. Herri Komunikabideak kooperatibak argitaratzen zuen aldizkariak gai bakarra jorratzen zuen zenbaki bakoitzean. Aurrenekoan, esaterako, labeldun produktuak izan zituen hizpide. Aldizka gehigarria Aikor, Aiurri, Anboto, Astelehenetako Goienkaria, Barren, Begitu, Drogetteniturri, Guaixe, Karkara eta Maxixatzen aldizkarietako harpidedunek jasotzen zuten etxean; guztira, 45.000 lagunek.
Urtemugari azken txanpa dotorea emateko, euskara elkarteak herri aldizkariaren hamar urteko historian argitaratutako kolaboratzaileen iritzien aukeraketa bat bildu zuen liburu batean. Azkoititik begiratuta! 1996-2006 izenburupean, zutabegileen lanak, ilustrazio eta komikiak, bertsoak eta bestelako hibridoak betiko jasota geratu ziren. Bost kidez osatutako batzorde batek aukeratu zituen libururako ekarpen egokienak. “Maiz begiratu izan dugu atzera hamar urte hauetan herria, herritarrak eta gu geu nola aldatu garen ikusteko. Betidanik ondoan izan ditugun lagun ugari datozkigu memoriara, eta baita gogoeta eragin digun testu mordoa”, adierazi zuten Udalari aurkeztutako txosten batean. “Ez da epe motzean erabilgarri izango den liburua, epe luzera begira egindako egitasmoa baino. Hurrengo belaunaldietako azkoitiarrek jakin dezaten zer arazo, kezka eta irrika bizi izan genituen Azkoitian bigarren eta hirugarren milurtekoen bueltan”, zioen dokumentuak.
Urtearen amaiera aldera aurkeztu zuten bilduma. Handik gutxira, 2007an, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak hamar urte bete zituen. Durangon, 1997ko otsailaren 1ean egin zuten sortze batzarra eta herri horretan bertan, Plateruena Kafe Antzokian, hasi ziren urteurrena ospatzeko ekitaldiak 10 urte geroago.
Baina Maxixatzenek ospakizunerako gero eta arrazoi gutxiago zituen. Egoera okertzen hasi zitzaion, bai Udalarekin harremanak korapilatu zirelako, baita ekonomikoki ez zelako bideragarria ere. Kili-kolo iritsi ziren hurrengo abuztuko urtemugara eta urrirako egoera oso txarrean zeudela aitortu beharrean izan ziren. Babes mezu ugari jaso zuen elkarteak. Bazkide kopurua ere inoizko altuena zen, 400 kidera iritsita. Baina egoera gero eta zailagoa egiten zitzaien proiektua bultzatzen zuten profesional eta boluntarioei.
Azkoititik begiratuta liburua