MOLLO
Artista azkoitiar eta EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasle tituludunak sortu zuen Mollo. Aldizkaria jaio eta berehala ezagutu genuen komikietako pertsonaia zorrotz eta umorez betea. 1996ko abenduko alean, 4. zenbakian, gai ezin azkoitiarrago batekin aurkeztu zitzaigun: sanandresak.Egilearen ahotik ezagutuko dugu nola sortu zen Mollo: “Maxixatzen herri aldizkaria hasi zenean, umore grafikoa ere beharko zuela iritzirik, neure burua eskaini nuen tarteka umore tira bat marrazteko. Pertsonaia nagusiak herritar bat izan behar zuela uste nuen, eta adineko azkoitiar bat eta Pernando Amezketarraren arteko nahasketa bat sortu nahi izan nuen. Umoreak 0km-koak izan behar zuela neritzon, oraindik kontzeptu hori erabiltzen ez zenean. Kontzejupeko umorea, herrian denon ahotan zenbiltzan pasadizo eta gaiak izan behar zutela ildo nagusi, ahal izanik umore zuria. Pertsonaia honek, bitxia eta barreragilea izan zen (eta entzutez bakarrik ezagutu nuen) benetako herritar baten ohoretan, Mollo izena hartu zuen.
Mollo pertsonaiak Azkoitiko gertakariak bizi ditu jubilatu baten ikuspuntutik, eta umorearen bidez pasarte ezberdinak azaleratzen ditu. Txakurtxo beltz bat du kaleko bidelagun, askotan berau bihurtzen delarik protagonista. Bizitza osoan lanean aritu eta gero, bizimodu erosoa eta atsegina maite ditu; txikiteoa, herriko festak, lagun arteko afariak… Belaunaldien arteko arrakalak burua astintzen dio askotan, ez da erraza gaur egungo gaztei ulertzea… Emaztearekin ere askotan, bikote denon antzera, ikuspuntu kontrajarriak ditu egunerokoaren aurrean, eta umorez bideratzen dituzte ezbaiak. Politika gertakariak gertutik jarraitzen ditu, gehienbat herriko antolaketari eragiten diotenean; trafiko arauak, burniperretxikoak, hondakinen birziklapena… Eguraldiak ere zenbat lan, zer esanik ez herriko obrek, alkatetzaren erabakiek, udaltzainek, osasunak… Eta kirolak! Pilota maite du gehienbat, eta Atano handiaren heriotza bizitzea ere tokatzen zaio. Atano bezala, inoiz ez dute Mollo txapelik gabe ikusi. Azken finean, kontu latzek ere badute aurpegi barregarria, eta onak, txarrak eta zalantzazkoak ere, denak, lantzen ditu Molloren umoreak”.
2003ko urria arte (105. zenbakia) hutsik egin gabe agertu zen Mollo Maxixatzeneko orrietan. La pelota vasca: La piel contra la piedra (Julio Medem, 2003) filmaren harira Espainiari egindako kritika garratz batekin agurtu zen koadrozko alkandoradun gizon paperezkoa. Azkoitiko beste artista batek hartu zuen haren lekukoa, Gorka Larrañaga Iranixek, hain zuzen. Handik aurrera, Azkoitiko hainbat sortzaile arduratu da umore grafikoaz edo ilustrazioetaz .